Alberto Zerain zenaren senideak, lagunak eta hainbat jarraitzaile bildu ziren atzo arratsaldean Maria eta Jose ikastetxean.

Al filo de lo imposible telebista saioko Sebastian Alvarok prestatutako saio eder eta hunkigarria izan zuen ardatz atzo Zeraini egin zitzaion omenaldiak. Ekitaldirako propio prestatutako 40 bat minutuko ikus-entzunezkoan saiatu zen esplikatzen zerk bultza dezakeen pertsona bat goi mendi haietara, zerk muga-mugako lurralde haietan murgiltzera. Eta josi zituen Alvarok hainbat irudi eder, Zerainen artxiboko elkarrizketa eta pasarteak, bere pentsamenduekin eta Zerainen bidelagun izan diren zenbait lagunen lekukotzekin. 

Hunkituta ere mintzatu zen bat baino gehiago, Zerainek utzitako hutsunea gogoan; baina alai eta bizi gogoratu nahi izan zuten denek, eredugarri, eta bera ezagutu izanaz ase.