flysch16-525Amaitu berri da Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren zortzigarren edizioa. Ismail Razga eta Azahara Garcia izan dira irabazleak, eta probako errekorra ere ondu dute. Razgak 3:28.25ean utzi du marka berria (iaz Merillasek 3:29:00 egin zuen, eta Azahara Garciak 4:02:48ko denbora egin du (iaz Kortazarrek 4:09:27). Iban Iriondo izan da lehen zumaiarra.

Ismail Razgak sekulako erakustaldia eman du gaur Flysch Trail lasterketan. Andutzen gora estutu du erritmoa eta han egin du zulo erabakigarria. Gero Salsamendin gora eta handik Zumaiara aldea zabaldu baino ez du egin marokoarrak. Helmugara erlojua seinalatuz iritsi da, errekorra haustear zela jakitun. Eta halaxe izan da. Gero, esan duenez, ez zuen errekorra egiteko asmoa: “Gozatzera etorri naiz, oso lasterketa polita delako. Oso ondo ikusi dut nire burua eta maldan gora erabaki dut erritmoa bizitzea, eta hor hautsi da lasterketa”. Daniel Garcia eta Pablo Villalobos izan dira bigarren eta hirugarren.

flysch16-654Emakumeen lasterketan Azahara Garciak irabazi du, bigarrenari eta hirugarrenari alde dezente aterata. Emakumeen lasterketan, ordea, Oihana Kortazarrek izandako despistea izan da albiste. Oihana bigarren postuan zihoan, Azahararengandik pare bat minutura. Andutzen gora ondo ikusi du bere burua eta atzean utzi du Gemma Arenas. Baina, Andutzetik Salsamendira, aldapan behera hasi direnean, bidegurutze batean despistatu eta bidea galdu dute. Ohartu eta bide onera itzuli direnerako 15 minutu galduak zituen Oihanak. “Ikusi ditugu zinta batzuk eta pentsatu dugu handik zela; gero konturatu gara Orbeako zintak zirela, ez lasterketakoak. Baina atzera egin dugunerako denbora asko galdu dut. Momentu horretan ez nekien zer egin, jarraitu edo utzi, baina pixkanaka aurrera egin dut eta azkenean hirugarren postua lortu dut behintzat”.

Azaharak aurrera egin du, eta Salsamendin Manuel Merillas senarraren laguntza izan du. Merillas gizonezkoen lasterketa irabazteko faborito zen baina gaur ez du egun ona izan, eta lesionatu ere egin da. Salsamendin Azahararen zain gelditu da, eta elkarrekin egin dute lasterketako zati bat. Oihanari ez zaio batera egokia iruditu, epaileek ontzat ematen duten arren: “Ez da jokatzeko modu zuzena nire iritziz, eta ez da lehen aldia. Komentatu izan zaienean, gainera, ez dute ondo hartzen”.

Bestalde, lehen zumaiarra Iban Iriondo izan da, 4:05:01eko denborarekin. Iriondo aurretik pasa da Salsamendiko gainean eta lehen postuari eutsi dio. Bigarren Alberto Gorritiberea izan da, eta hirugarren zumaiarra Jokin Gijarro. Emakume zumaiarrik ez zegoen maratoiko distantzian.

Maratoi erdia

Maratoi erdian, Ondarroako Mikel Dieguez (1:38.28) eta Alizia Olazabal (1:58.05) irundarra izan dira irabazleak. Olazabalek bigarrenez irabazi du aurten, eta iaz baino bi minutu eta erdi gehiago behar izan ditu.

Zumaiarren artean, Txetxu Tamayo beteranoa izan da lehena, 1:53:54ko denborarekin, Alberto Urbina (1:55.11) eta Haritz Gojenolaren (1:57.26) aurretik. Emakumeen artean, azpimarratzekoa da Olazabal irabazlearen atzetik hiru zumaiar sartu direla, bigarren, hirugarren eta laugarren: Leire Baraibar (2:11.58), Arri Urbieta (2:13.42) eta Vanessa Galarraga (2:14.42).

Kluben arteko Espainiako Txapelketa Sestaok (gizonezkoak) eta Benalmadenak (emakumezkoak) irabazi dute.