Alberto Zerain mendizale arabarra omenduko du Zumaia Flysch Trail mendi lasterketak, Benantxio Irureta eta Pako Iriondorekin batera.

Mendiak ezartzen dituen joko arauak bere horretan onartzen ditu Alberto Zerainek (Gasteiz, 1961). Ez du oxigeno gehigarririk erabiltzen, ez du sherparik nahi izaten, ez du inork jarritako soka finkorik erabiltzen. Ez du nahi mendiak proposatutako erronka leunduko duen laguntza gehigarririk. Espedizio jendetsuetatik ihesi, fokoetatik urrun, bakarkako igoera gogoangarriak lortu ditu goi mendietan. “Mendiak jartzen dizkizun zailtasunak zure kabuz gainditzeko gai zarela ikustea gauza ederra da”.

Zortzimila metrotik gorako zazpi gailur zapaldu ditu  Zerainek –Everest, Makalu, Lhotse, Gasherbrum I, Gasherbrum II, K2 eta Kangchenjunga–, baina gutxik jakingo dute mendizaletasunaren harra Zumaian sortu zitzaionik. “Hamabost urte nituela Zumaiara etorri nintzen euskara ikastera, Bitarte baserrira. Nola Kutxidazu bidea? Bada, halaxe. Gure aita Gorritiren laguna zen eta hemen pasa nuen uda oso bat, Gorritiri animaliekin laguntzen eta euskara ikasten. Eta mendizaletasuna ere bertan piztu zitzaidan. Larruzko mendi bota handi batzuk lortu eta tartea neukanean inguruko muinoetan mendi bueltak egiten hasi nintzen”. Mendian bide luzea egin du ordudanik eta euskara ere ederki landu du: elkarrizketa hala izan da, berak proposatuta.

Gasteizera bueltatu eta erabat murgildu zen eskalada munduan. “Gaztetako urte haietan mendirako sekulako grina izan genuen. Gogoan daukat dena emanda ibiltzen ginela inguruko mendietan eskalatzen”. Pixkanaka, Pirinioetara, Alpeetara edota Andeetara joan ziren Zerain eta lagunak mendi garaiagoen bila. “Andeetara espedizio asko egin nituen, han abentura asko izan genituen”. Orduan zortzimila metroko gailurrak ezinezkoak iruditzen zitzaizkion, baina iritsi zitzaion Himalaia probatzeko aukera. “Everestera izan zen lehen espedizioa. Espedizio handi batean parte hartzeko aukera eman zidaten eta halaxe joan nintzen. Orduan eskatu ziguten oxigeno botilak erabiltzeko, garrantzitsua zelako espedizioaren arrakasta bermatzea. Niri hura ez zitzaidan gehiegi gustatu, baina onartu egin nuen, azken finean ez zelako nik antolatutako espedizioa”.

Everesteko espedizio hartan ohartu zen Zerain hura ez zela bere gustuko planteamendua. “Nik ez ditut espedizio handiak kritikatuko, baina ez da nire aukera. Niri estilo soilagoa gustatzen zait, zeure burua mendiaren aurrean. Horrek erakartzen nau. Gailurrera iristeko laguntza hau edo hura behar baduzu, orduan ez zaude gailurrera iristeko prestatuta, ez duzu merezi”. Horrela, espedizioak bere erara antolatzen hasi zen, baliabide gutxirekin eta bide berezietatik. “Ohiko bideak erabiltzen badituzu jendetza aurkituko duzu beti, haiek zabaldutako bideak, sokak… Gainera, bide ezohikoak erronka dira mendizalearentzat, bideari aurre nola egin pentsatu behar duelako, zailtasunak aztertu, irtenbideak aurkitu… Hori da politena, zailtasun horiek gainditzeko gai zarela ikustea”.

K2ko balentria eta tragedia

Bakarka egindako espedizioetatik 2008an K2ra egindako izan da oihartzun gehien lortu duena. Zerainek sekulako balentria egin zuen: bera bakarrik, bidea zabalduz, zuzenean hirugarren kanpalekutik gailurrera igo eta jaitsi. Ordu gutxira, bere atzetik abiatu ziren 11 mendizale hil ziren. “Gauzak nola diren, tragedia hark eman zion oihartzuna nire lorpenari. Niretzat egun gogoangarria izan zen, igoera osoan oso-oso ondo sentitu nintzelako. Jaitsi ere zuzenean hirugarren kanpalekuraino jaitsi nintzen hiru ordutan, laugarrenean gelditu gabe. Behera iristean jakin nuen atzean utzi nuen tragediaren berri. Ni beherantz nindoala ikusi nituen gorantz eta pentsatu nuen ‘hauek nora doaz’. Mendian zortea behar da, baina istripu asko gertatzen dira erabaki okerrak hartzen direlako”.

Mendi lasterketak

2011n egin zuen azken espedizioa goi mendietara, Nanga Parbatera. Mazeno ertzera iristeko bide berri bat erdizka zabaltzea lortu zuen eta gustatuko litzaioke lan hura bukatzea, baina espedizio bat antolatzea lan nekeza da. “Buruan badauzkat proiektuak eta zerbait aterako da, baina oraindik ez dago ezer zehaztuta. Espedizio bat antolatzea ez da erraza, denbora asko kentzen dizu zure eguneroko bizitzatik”. Mendiaz, ordea, egunero gozatzen du. Subilla Gasteizen bizi da, mendiz inguratuta. “Ez daukat kotxea hartu beharrik mendi buelta bat egiteko”. Eta korrika saioak ere egiten ditu. “Gaur egun mendi lasterketa asko daude eta jende askok hartzen du parte, baina nik betidanik egin dut korrika mendian, bakarrik. Orain noizean behin parte hartzen dut lasterketaren batean, eta Zumaian ere izan naiz bizpahiru aldiz”.

Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren omenaldian parte hartzeak ilusioa egiten dio. “Nigatik baino gehiago Benantxio Irureta eta Pako Iriondorengatik. Biak ezagutzeko ohorea izan nuen eta biek asko eman diote euskal mendizaletasunari. Haiek omentzeko intentzioarekin hartuko dut parte”.