Atzo gauerdian itxi zen izena emateko epea, eta 260 izango dira igandean lehen Zumaia Flysch Trail lasterketan parte hartuko duten korrikalariak. Antolatzaileen aurreikuspenak bete dira, horrenbestez. Izenen zerrendari erreparatuz gero, Raúl García nabarmendu behar da, joan den asteburuan Europako Txapelketa irabazi baitzuen Italian. Pribilegioa da Garcia igandean Zumaiako proban izatea. Baina ez da goi mailako korrikalari bakarra izango. Iazko Euskadiko eta Espainiako Kopako txapeldun Zuhaitz Ezpeleta ere irteeran izango da, Aizkorriko maratoian puntan ibili ziren beste dozena bat lagunekin batera. Emakumeen zerrendan Nerea Amilibia da izen aipagarriena, Zallako mendi maratoia irabazi berri baitu. Izenak alde batera utzita, zumaiarrak 25 izango dira. Animatu diren emakumeak berriz, 20.