Uncategorized


Antolaketa taldetik eskerrak eman nahi dizkiegu II. Zumaia Flysch Trailen lagundu duten erakunde, entitate, enpresa, merkatari, korrikalari eta bereziki 150 lagunetik gora osatutako Zumaiako boluntario taldeari. Eskertzekoak dira antolaketa lanetan jartzen duten ilusioa eta lasterketaren egunean Zumaiara etortzen diren korrikalari zein bisitariei egiten dieten harrera beroa. Eskerrak eman nahi dizkiegu Edurne Pasaban, Alex Txikon eta Asier Eizagirreri ere, gure lasterketan egoteagatik. Kirolari bezain pertsona bikainak direla erakutsi digute.

Hirugarren edizioan ari gara pentsatzen jadanik, eta agintzen dugu beste koska bat gora egingo dugula korrikalarien eta lagunduko diguten entitateen mailan. Eta batez ere, ahalegina egingo dugu Zumaiak eta boluntarioek erakutsi duten ilusioaren sua piztuta maten dadin. Dudarik gabe, Zumaiaren izena oso goian utzi dute.

Hemen kontsulta dezakezue II. Zumaia Flysch Trailen sailkapena.

flyschtrail-642.jpg Hemen dituzue II Zumaia Flysch Trail lasterketako 800 argazki inguru. Argazki erreportaje hau Distira Argazki Elkarteko ondoko argazkilariek egin dute: Imanol Manterola, Oliver Perez, Joxe Etxabe, Idoia eta Leire Zearreta, Arnaitz Rubio Aprea, Peio Romatet, Marian Zubia eta Gorka Zabaleta.

flyschtrail-599.jpg Goi mailako mendi lasterketa jokatu da gaur Zumaian. Iazko estreinako edizioa bikaina izan bazen, aurten beste koska bat egin du gora Zumaia Flysch Trailek. Batetik, parte-hartzaile kopurua antolatzaileek jarritako 400eko mugatik oso gertu egon delako: 360. Bestetik, iazko markak ondu dituztelako ia kategoria guztietan. Gizonezkoen lasterketan Aitor Osa lanak eman dizkio Europako txapeldun Raul Garciari. Lasterketa abiadura bizian abiatu da eta laster jarri dira faboritoak buruan . Aitor Osa aurrean tiraka eta Raul Garcia nahiko gertu. Sakoneta parean biak ziren buruan, baina Mendata inguruan Aitorrek aurrera egitea erabaki du, Garcia atzean utziz. Zumaiara bidean, bi minutuko aldea ere izan du itziartarrak, baina Garcia ez da urduri jarri. Indarrak hobeto neurtu ditu eta Talaimendi iritsi baino lehen harrapatu du Osa. Azken igoeran aise egin du hanka Garciak, indarrez osoago iritsi dela agerian utziz. Helmugan, 1:51:44ko denbora egin du Raul Garciak, iaz berak ezarritako marka (1:54:31) onduz. Bigarren Aitor Osa helmugaratu da, hau ere iazko marka baino azkarrago: 1:53:32.

Emakumezkoetan berriz, Ana Conde gasteiztarra izan da onena. Blanca Serrano Espainiako txapelduna zen faborito nagusia, baina Condek lasterketa bikaina egin du, indarra oso ondo neurtuz. Ibilbidea ez zuen ezagutzen, eta horregatik lehen kilometroetan atzean gelditu da, indarrak gordetzeko asmotan. Baina seigarren kilometrotik aurrera pixkanaka aurkari guztiak gainditu ditu eta lasterketa bikaina osatu du. Oihana Kortazarrek iaz egindako marka (2:22:18) ontzeko gauza izan da, gainera: 2:19:08. Bigarren Nerea Amilibia izan da eta Blanca Serrano hirugarren.

Zumaiarren artean, Pedro Etxeberria eta Leire Atxutegi izan dira onenak. Pedro zortzigarren izan da sailkapen nagusian (2:05:39) eta Euskadiko Kopako sailkapen nagusian hiru onenen artean segitzen du proba baten faltan.

Erreakzioak:

Raul Garcia: “Lasterketa oso azkar abiatu da, azkarregi nire iritziz. Lehen aldapatxoan jada jendea tiraka hasi da eta nik erabaki dut nire erritmora joatea, gehiegi behartu gabe. Gero Aitor Osa eta biok joan gara buruan, berak hanka egitea erabaki duen arte. bi minutuko aldea atera didala esan didate lasterketan bertan, baina nik banekien harrapatzeko aukera nuela, denboraren poderioz indarrak oso ondo neurtzen ikasi dudalako. Eta hala izan da. bueltan pixkanaka gerturatzen joan naiz, eta ermita pasa ondoren -San Telmo- bertan zegoela ikusi dut. Azken igoera baino lehenxeago -Talaimendi- bat egin dugu eta aldapan gora azkenean atzean gelditu da. Oso pozik nago, gainera marka ere ondu dugulako”.

Aitor Osa: “Nik esan nuen Garciari iaz baino lan gehiago ematen saiatuko nintzela. Irabaztea banekien oso zaila zela, baina uste dut aurten estuago hartu dudala. Bi minutuko aldea nuela esan didatenean pentsatu dut aurrena iristeko aukera nuela, baina garbi dago berak oso ondo dakiela indarrak neurtzen eta nik berriz urtebete baino ez daramat saltsa honetan eta asko dut oraindik ikasteko. Baina espero dut datorren urtean oraindik hobeto egingo dudala. Pozik nago egindako lanarekin”.

Ana Conde: “Niretzat lehen aldia da lasterketa honetan, eta esan behar dut harrituta nagoela antolakuntzarekin. Ibilbidea asko gustatu zait, oso azkarra da, eta nabarmentzekoa da dena oso ondo markatuta dagoela eta ibilbide osoan dagoela jendea laguntzeko, edateko eta jateko postuak. Bikaina iruditu zait. Ibilbidea ezagutzen ez nuenez, hasieran lasaiago joatea erabaki dut, baina seigarren kilometrotik aurrera hasi naiz erritmoa bizitzen eta lasterketa bururaino iritsi naiz. Egia esan oso gustura joan naiz ibilbide osoan”.

Atzo itxi zen II. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketan parte hartzeko izena emateko epea, eta 360 izango dira aurtengo korrikalariak, iaz baino 100 korrikalari gehiago.

Mendi lasterketetako Europako eta Espainiako txapeldun Raul Garcia Castan eta Espainiako txapeldun Blanca Serrano Zumaian izango dira uztailaren 11n Flysch Trail lasterketan parte hartzeko. Astebetera Munduko Txapelketa jokatuko dute Italian, baina Zumaiako proba ez dute galdu nahi izan. Garcia Castanek iaztik ezagutzen du lasterketa –berak irabazi zuen–, eta oso oroitzapen onak dituela adierazi digu:  “Lasterketa askotan hartu dut parte, baina kirolari eta pertsona bezala inoiz ez naute Zzumaian bezain ongi tratatu”.  Blanca Serranorentzat lehen urtea izango da, eta emakumeen lasterketaren maila igotzen lagunduko du.

Zumaiako II. Flysch Trail lasterketan parte hartzeko izen-emate epea maiatzaren 18an zabalduko da, uztailaren 5era arte. www.herrikrossa.com webgunean eman behar da izena. Federatuek 15 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez federatuek 20. Beharrezkoa da diru-sarreraren ziurtagirian parte-hartzailearen izen-abizenak agertzea. Kutxa: 21010174120012312435

Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren bigarren edizioa uztailaren 11n jokatuko da, goizeko 10etatik aurrera. Iazko ibilbide berbera izango du, eta aurten ere Euskadiko Koparako puntuagarria izango da. Hala ere, aurten bada berrikuntzarik, 23 urtez azpikoen maila sortu baitute. Hauek 13 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute –maila nagusikoek 27 kilometro–. Probaren araudia, ibilbidea, desnibela eta jakin beharreko detaile guztiak albiste honi atxikitako pdf dokumentuan daukazue.

Triptikoa 2010

garciaRaúl Garcíak eta Oihana Kortazarrek estreinatu dute Zumaia Flysch Trail  mendi lasterketaren palmaresa. Irteeratik goizeko hamarretan abiatu ziren 260 korrikalarietatik 216 izan ziren ibilbideko 27 kilometroak osatzeko gai. Eguzkiak ere ederki berotu zuen arren, parte-hartzaile gehien-gehienek prestakuntza maila bikaina erakutsi zuten. Raúl García Europako txapelduna zen probako izarrik handiena eta ez zuen huts egin. Hasieratik hanka egin zuen eta lasterketa buruan osatu zuen ibilbide osoa. Atzetik segika, Zuhaitz Ezpeleta eta Aitor Osa txirrindulari ohia izan zituen. Bi hauek bat egin zuten lasterketaren bigarren erdian eta elkarrekin iritsi ziren helmugara. Garcíak jarritako marka ez da nolanahikoa, gainera: 1.54:31. Hori izango da hurrengo kortazarurtean gainditu beharreko erronka. Emakumezkoetan berriz, Oihana Kortazarrek lasterketa bikaina egin zuen, eta Nerea Amilibia faboritoari gailendu zitzaion. Kortazarren denbora ere ez da nolanahikoa izan: 2.22:18. Zumaiarren artean Pedro Etxeberria izan zen lehen gizonezkoa, seigarren postuan (2.09:39); emakumezko onena, berriz, Leire Atxutegi izan zen, sailkapen nagusiko 117. postuan (2.53:15).

Raúl García: “Horrelako lasterketa gutxi daude”

Arrakastatsua izan da Zumaia Flysch Trail mendi lasterketaren lehen edizioa. Horren adierazlerik fidagarriena da korrikalariek beraiek egindako balorazioa behin 27 kilometroak osatuta. Askok goraipatu dituzte ibilbidearen edertasuna eta antolakuntza bikaina. Raúl García irabazleak ere bai: “Mendi lasterketa asko daude, baina horrelako ibilbide ederra gutxitan topa daiteke. Izan ere, mendi lasterketa izanik ere, ibilbide osoan itsasoaren ondo-ondotik zoaz korrika, eta sentsazio hori oso gustagarria da korrikalariarentzat. Eta bestalde, eskertzekoa izan da antolatzaileek egin duten ahalegina, ibilbide osoan baitzegoan antolakuntzako jendea”. Bosco Garitano, Iñigo Saenz, Jose Antonio Gorostola eta Fran Aizpuruak osatu dute antolakuntza taldea, eta atzo oso pozik zeuden lortutako emaitzarekin: “Badira gauza txiki batzuk hurrengorako aztertu behar direnak, baina bestela dela oso-oso ondo joan da, babesleek eta mundu hau ezagutzen dutenek zorionak eman dizkigute, eta denek nabarmendu dute lasterketa honek etorkizun bikaina duela, ibilbidea paregabea delako. Gure lana izango da urtero antolakuntza ere neurri berekoa izatea”.

(Argazkiak: Oliver Perez Amas)

Next Page »