Ariznabarretak eta Kortazarrek irabazi dute XI. Flysch Traila

OLYMPUS DIGITAL CAMERA

Ariznabarretak eta Kortazarrek hasieratik amaierara dominatu dute lasterketa, aurkariei alde handia ateraz. Zortzi minutu eta erdiko abantailaz helmugaratu da Ariznabarreta, eta 18 minutuko aldearekin Kortazar. Maratoi erdian Leire Baraibar eta Ibai Makazaga izan dira lehenak.

Beroa gehitu zaio gaur Ibilbidearen gogortasunari eta gogotik sufritu behar izan dute Beheko plazako irteeran bildu diren 800 korrikalariek lanak amaitzeko. Maratoian, gainera, egurrean abiatu da Oier Ariznabarreta, lasterketa erabat txikitzeko intentzioarekin. Erritmo ikaragarria ezarri du eta lehen kilometroetan lasterketako markaren azpitik ere ibili da, baina gero ibilbidea eta eguraldia zama astunegia izan dira eta ezin izan du errekorra ondu. Hala ere, uneoro aldea handitu egin du, helmugaraino. Mendatan -12. kilometroan-, minutu pasako aldea zuen; Andutzeko tontorrera –18. kilometro inguruan- iritsi denerako lau minutukoa zuen Razgarekiko aldea. Eta Salsamendiko buelta egin ondoren zazpi minutuko tartea ireki du.

Ikaragarria izan da gaur Ariznabarretak erakutsi duen nagusitasuna. Andutz jaitsi eta beste 20 kilometro gelditzen dira helmugara eta Razgak izango zuen han tartea jateko itxaropena. Baina ezinezkoa egin zaio. Ariznabarretak dena eman du helmugaraino, eta inor ez zaio gerturatu. Helmugara hustuta iritsi da eta hamar bat minutu behar izan ditu bere onera bueltatzeko. Bigarren posturako lehian, azkenean Hassan Ait Chaouk aurre hartu dio Ismail Razgari.

Oihana Kortazarrek ere ez du aurkaririk izan lehen posturako. Bere martxa ezarri du hasieratik eta lasterketaren aurreko postuetan izan da uneoro. Kortazarrek ederki ezagutzen du lasterketa eta ondo neurtu ditu indarrak Andutzetik bueltan ezustekorik ez izateko. Bigarren posturako lehia estuagoa izan da. Mireia Pons bigarren postuan izan da Andutzeko buelta egin arte, baina Rosa Navarrok hobeto neurtu ditu indarrak eta azken kilometroetan aurrea hartu dio.

Zumaiarren artean Jokin Gijarro, Ion Larrañaga, Unai Gijarro, Alberto Gorritiberea, Vanesa Galarraga, Arri Urbieta eta Vanesa Pedrero nabarmendu dira, besteak beste.

Baraibar maratoi erdian

Maratoi erdiko distantzian Leire Baraibarrek garaipen ederra lortu du Alma de las Heras eta Cristina Vilarnauren aurretik. Gizonen artean, Ibai Makazagak, Marc Vizcainok eta Abderrahim Hanzazerek osatu dute podiuma. Zumaiarren artean, Leire Baraibarrez gain, Haizea Anakabe, Saioa Zubiaurre, Eneritz Zubizarreta, Ane Eizagirre, Ainara Pequeño, Pedro Etxeberria, Mikel Aizpurua, Iker Peña, Oihan Leon eta Joxe Aizpurua nabarmendu dira, besteak beste.

Leave a Reply

Your email address will not be published.