Ekainaren 22an egingo da Zumaia Flysch Gipuzkoako Eskalada Topaketaren bigarren aldia, Gipuzkoako ikasleei eta parte hartu nahi duten haur guztiei zuzenduta.

Topaketa Beheko plazan egingo da, 16:00etatik 19:00etara. Gipuzkoako Mendi Federakuntzak ekarritako rokodromo bat erabiliko da, eta federazioko monitoreak eta herriko eskalatzaileak egongo dira bertan haurrei eskaladaren oinarriak azaltzeko. Parte-hartzaile guztiek edari freskagarri bat jasoko dute doan Flyscheko antolatzaileen eskutik. Federazioak asegurua dauka edozein istripuren aurrean babestuta egoteko. Gainera, anbulantzia bat egongo da bertan arratsalde osoan, zoritxarreko istripuren bat gertatuz gero ahalik eta azkarren erantzun ahal izateko.