Dena prest X. Flysch Trail lasterketarako

Igandean jokatuko da X. Flysch Trail mendi lasterketa. Aurtengo edizioak lau lasterketa izango ditu, eta, omendu nagusia iaz Nanga Parbat mendian zendu zen Alberto Zerain mendizale gasteiztarra izango da. Hain zuzen, egun berean beteko da bere heriotzaren lehen urtemuga.

[Baleike.eus] Zenbaki borobila beteko du aurten Flysch Trail mendi lasterketak, eta X. edizio hau berezia izango da. Alde batetik, lau lasterketa jokatuko direlako, eta beste alde batetik, Alberto Zerainen omenezkoa izango delako. “Antolatzaile bezala, edizio hau berezia izango da guretzat. Zerainen motibazioaz eta ibilbide profesionalaz haratago, beti bultzatu izan du Flysch Traila. 2014an omendua izan zen, lasterketa hiru aldiz korritu zuen, eta iaz, Nanga Parbatik bideo bat ere eskaini zigun”, gogoratu du Bosco Garitano antolakuntzako kideak.

Gaur eguerdian aurkeztu dute Zelai Talaso hotelean X. Flysch Traila. Aurten, ekainaren 24an jokatuko da, eta lau lasterketa izango ditu: maratoia, maratoi erdia eta itsuen eta kadeteen lasterketa. Maratoiaren irteera 08:30ean egingo da eta 42.2 kilometroko ibilbidea egin beharko dute korrikalariek. Ondoren, 08:45ean, maratoi erdia egingo dutenak aterako dira. Hauek 22.2 kilometro osatu beharko dituzte. Bost minutu beranduago, berriz, itsuen lasterketari emango zaio irteera. Bigarren edizioa izango da, eta iaz baino laburragoa izan arren, 31.2 kilometroko ibilbidea egin beharko dute. Amaitzeko, eta aurtengo berrikuntzetako bat, kadeteen lasterketan izango da. Hauek 09:15ean aterako dira, eta 14.05 kilometro korrituko dituzte. “I. Zumaia Flysch Trail Zazpi Probintzien Kadete Txapelketa jokatuko dute, eta 30-35 gazte inguruko etorriko dira”, kontatu du Garitanok. Lasterketa honekin gazteen oinarrizko kirola sustatzea dute helburu antolatzaileek, eta bertako korrikalariez gain, Espainiako Kadeteen Kopako lehen bost klasifikatuak etorriko dira.

Maratoia irabazteko faboritoen artean, berriz, Dani Garcia iazko irabazlea dago. Baita iaz bigarren eta 2016an garaile izan zen Ismail Razga ere. Hauekin batera, 2014an irabazi zuen Walter Becerra ere Zumaian izango da. Emakumezkoen artean, aldiz, Vanessa Pelaez, Sandra Sevillano, Uxoa Irigoien getariarra, eta Leire Baraibar zumaiarra dira faborito nagusienak. “Aipatzekoa da maratoia korritu behar duten emakume zumaiarren kopurua. 2016an ez zen inor atera, iaz, Leire Baraibar bakarrik, eta aurten zortzi izango dira. Oso pozik gaude”, nabarmendu du Garitanok. Faborito nagusi hauez gain, Euskal selekzioko korrikalariak eta Espainiako Kopako lehen sei sailkatuak ere izango dira irteera puntuan. “Atzerritarrak ere izango ditugu gure artean: marokoarrak, errusiarrak, Belgikatik eta Argeliatik etorritako pare bat, frantsesak… Maila handia izango dugu edizio honetan”, azpimarratu du. Guztira, 700 korrikalarik hartuko dute parte.

Egitarau aberatsa

X. Flysch Trail honek protagonista nagusia izango du; Alberto Zerain. Ekainaren 24ean, igandean, lasterketa hasi baino 20 minutu lehenago Zerain familiak omenaldia jasoko du. “Bestalde, aurreko egunean, beste ekitaldi berezi bat egingo zaie Zerainen familia eta mendiko lagunei. Flyscharen lekuren batean egingo da hori”, esan du. Horretaz gain, ekainaren 22an, ostiralean ‘Alberto Zerain, beti gogoan’ izeneko hitzaldia egingo da Maria eta Jose Ikastetxeko aretoan, 19:00etan. “Bere izena entzunda ametsak, motibazioa, talde lana eta proiektuak bezalako hitzak etortzen dira burura”, aipatu du Garitanok. Sebastian Alvaro Al filo de lo imposibleko sortzaileak eta zuzendariak emango du hitzaldia. Bertan izango dira ere, Zerainen familia; Jose Ramon Agirre Marron, Zerainen lehen 8.000ko espedizioan (Everest, 1993) parte hartu zuen laguna; eta Jonatan Garzia, Zerainen azken 8.000koan (Annapurna, 2017) egon zena. “Pertsona hauetaz gain, beste batzuk ere etorriko dira; hala nola, Juanito Oiartzabal, Juanjo San Sebastian, Aitor Las Hayas, Iñaki Agirre eta Javi Antunez. Azken hirurak Zerainen lagun minak ziren”, kontatu du.

Egitarau aberatsa osatu dute aurten antolatzaileek. Hala nola, ekainaren 20an, asteazkenean, Jokin Lizeaga korrikalariak ‘Mendi lasterketak, gozamena ala sufrimendua’ izeneko hitzaldia emango du Oxforden, 19:00etan. Larunbatean, berriz, ekainaren 23an, Gipuzkoako eskalada eta orientazio topaketa egingo da. “Gipuzkoako Mendi Federakuntzarekin elkarlanean antolatu ditugu ekintza horiek, eta urtero, mendiarekin zerikusia duten aktibitate gehiago jartzea izango da helburua”, esan du. Eskalada egiteko aukera larunbat arratsaldean izango dute 5 eta 16 urte bitartekoek lauetatik aurrera. Kiroldegian egingo da, eta doako izango da. Orientazio froga, aldiz, kiroldegitik abiatuta, herrian zehar hiru ibilbide egongo dira aukeran. Ekintza honetan parte hartu nahi dutenek 3 euro ordaindu beharko dute, eta familian, lagun artean edota banaka hartu daiteke parte.

Flyscharen zutabeak

Flysch Trailaren lehen ediziotik, oinarrizko lau zutabe mantendu ditu kirol proba honek. Lehenengoa kirol arlokoa da. “Mendia eta itsasoa batzen dituen lasterketa bat antolatzea”, kontatu du Garitanok. Bigarrena, Zumaia nazioarte mailan ezagutzea eta “turismoari bultzada ematea”. Hirugarrena, berriz, zutabe zientifikoa da. “Turismoarekin lotuta, eta lasterketa egiteaz gain, flyscha ezagutzera etortzen dira korrikalari eta bere familia eta ezagun asko. Horiei azaltzea geologikoki flyscha zer den ere gure beharra da. Horretarako ingurumenarekiko errespetua izanik”, azaldu du. Laugarrena, eta azkena, berriz, laguntza soziala mantentzea da. “Arlo hori beti mantentzen saiatzen gara, eta aurten ere, Aspanogi, SOS Himalaya eta Markelen irriari lagunduko diegu. SOS Himalayaren kasuan, elkarlanean, zortzi gelako ospitale txiki bat eraikitzen ari gara Katmandun”. Amaitzeko, bosgarren zutabe baten lanketan ari dira, eta hori, oinarrizko kirolari bultzada ematea da.

Flysch Trailak zuzeneko emanaldia izango du Eusebio Gurrutxaga plazan (irteera eta helmuga bertan egongo da) jarriko den pantaila handi baten bidez. Horretaz gain, goizeko 08:00etatik arratsaldeko 15:00etara, hainbat webgunetan jarraitzeko aukera izango da zuzenean. Azkenik, EITBk egunean bertan laburpen bat eskainiko du bere lehenengo katean, 16:00etatik 17:15etara.

“Oso eskertuta gaude”

X. Flysch Trailaren aurkezpenean izan da, besteak beste, Alberto Zerainen semea, Andoni Zerain. Ekainaren 24a egun berezia izango dela nabarmendu du. “Sentimendu asko izango ditugu. Beti izan gara ongi etorriak Zumaian, eta oso eskertuta gaude”, esan du.

Jose Ramon Agirre Marron, ere bertan izan da eta Zerainen gizatasuna nabarmendu du. “Everesten izan nintzen berarekin bi hilabete eta erdiz 1993an. Ordutik mantendu genuen harremana. Mendian egindako lagunak betirako dira. Momentu zailenetan beti zegoen presente. Heldutasunez jokatzen zuen. Bere izaerak bereizten zuen”, kontatu du.

Amaitzeko, Oier Korta Zumaiako alkateak, mendi lasterketa honek herritarrengan duen esanahian jarri du fokoa. “Azpimarratu behar da Flysch Trailak duen boluntario sarea. Herritarren inplikazioa eta konpromisoa kirol proba honekiko izugarria da. Lan asko egiten dute, eta hori harro egoteko modukoa da”. 

Leave a Reply

Your email address will not be published.