Espainiako bakarkako txapelketak, selekzio autonomikoetakoa eta itsuen ultra traila jokatuko dira ekainaren 25ean Zumaian, Flysch Trail lasterketaren bederatzigarren edizioaren barruan. Izen-ematea zabalik dago selekzioentzat eta itsuentzat (antolakuntzaren bitartez). Gainontzeko korrikalarientzat maiatzaren 2an irekiko da izen-ematea, kirolprobak.com webgunean. Estatuko proben artean sari onenak dauzkan lasterketa da Zumaiakoa.

Mendi lasterketetan aritzen diren korrikalarien egutegian gorriz markatuta egongo da aurten ere Zumaia Flysch Trailaren bederatzigarren edizioa. Aurten zenbait Espainiako Txapelketaren egoitza izango da: senior, junior eta kadete mailetako bakarkako txapelketak; selekzio autonomikoen txapelketa, eta itsuen ultra trail txapelketa. Txapelketa horiei gehitzen bazaizkie sarien erakargarritasuna (2.000 euro irabazlearentzat eta beste 1.000 euro marka onduz gero), seguru goi mailako korrikalariak izango direla irteeran.

Dagoeneko ezagunak diren Zumaia eta Deba arteko itsaslabarren gainean jokatuko dira lasterketak aurten ere, ingurune ikusgarria korrikalari eta ikusleentzat. Ibilbideak iazko berberak izango dira orohar, baina aldaketa txiki batzuk egin dira. Maratoiaren kasuan, Mendatako igoera aldatu da, zuzenagoa eta ikusgarriagoa izan dadin. Helmugarako azken jaitsiera ere aldatu egin da, korrikalarientzat samurrago izan dadin: San Telmo kaletik pasa beharrean, Itzurungo aldapatik jaitsiko dira. Aldaketa honek ibilbide guztiei eragingo die. Dena den, aldaketak aldaketa, Andutzeko eta Salsamendiko igoerak erabakigarri izango dira aurten ere.

Maratoi erdiari dagokionez, ibilbidea pittin bat leundu dute, Elorriaga parean zegoen jaitsiera-igoera bortitz bat kenduta. Korrikalari herrikoien parte hartzea bultzatu nahi izan da erabaki honekin. Maratoiaz eta erdi maratoiaz gain, aurten hirugarren ibilbide bat gehitu dute, 14,14 kilometrokoa, kadete mailako lasterketarako.

Azpimarratzekoa da itsuen ultra trail lasterketa, orain arte modalitate ia ezezaguna. Maratoiko ibilbidea egingo dute, hiru lagunez osaturiko taldetan –korrikalari itsua eta bi laguntzaile–.

Guztira, 700 dortsal egongo dira, 400 maratoirako eta 300 maratoi erdirako eta kadete mailarako.

Aurrez azaldutako guztia aurrera ateratzeak antolaketa lan izugarria eskatzen du, eta ez litzateke posible izango aurreko urteetako esperientziarik gabe eta, batik bat, 335 boluntarioren laguntzarik gabe. Horrez gain, esan beharra dago lasterketak bere izaera solidarioari eusten diola, eta aurten Aspanogi, Markelen Irria, Hegoak Astinduz eta SOS Himalaya elkarteak lagunduko dituela. Azkenik, azpimarratu nahi dugu lasterketak Zumaiako turismoan duen eragina. 2016an kalkulatu zen korrikalari bakoitzeko sei edo zazpi lagun ekarri zituela lasterketak. Horrek esan nahi du lasterketaren egunean 5.000 bisitari inguru izan zirela Zumaian.