Archive for ekaina, 2011

flyschtrail-85.jpg Zumaia Flysch Traila lasterketa berezia da Aitor Osarentzat. Etxe ondoan du ibilbidea, eta makina bat aldiz entrenatu da Sakoneta eta Mendata inguruko labar eta muinoetan. 2009an, debutaren urtean, hirugarren amaitu zuen; iaz bigarren izan zen. “Podiumeko postu bakarra falta zait, lehena, eta aurten lortzen saiatuko naiz”. Aurten garaipen batzuk lortu ditu dagoeneko, azkena Sopelako Kosta Trailean, baina abuztuan mendiko lasterketa uztea erabaki omen du.

Denboraldia nola joan da orain arte?

Lehen bi lasterketak irabazi nituen, Apuko igoera Gueñesen eta Sarako lasterketa. Gero, Arratzun bigarren egin nuen, eta pozik egoteko emaitza da, maila handia zegoen eta. Hala ere, orkatila bihurritu nuen eta gero hanka sartu nuen atseden hartu beharrean Azkoitiko lasterketan ateratzea erabaki nuelako. Ezin izan nuen amaitu. Ondoren Zegamako mendi maratoian laugarren izan nintzen, iaz baino denbora hobeagoarekin. Podiumetik kanpo gelditzeak pena pixka bat eman zidan –Kosta Trail irabazi berri du eta, segurunez, Azpeitiko bertikala jokatuko du Flysch Trailean parte hartu aurretik–.

Iaz zalantzak zenituen mendi lasterketen munduan jarraitu edo ez. Zalantza horiek argitu al dira?

Seguruenez azken urtea izango mendi lasterketen munduan. Abuztuaren hasieran laga egingo dut eta datorren urtean ez daukat jarraitzeko asmorik.

Zumaia Flysch Trail lasterketaren hirugarren aldia da aurtengoa, lasterketa jaioberria da ia, baina hasieratik indar handia hartu du. Zergatik?

Hiru urte hauetan izen handia hartu du. Alde batetik, leku ederrean jokatzen delako. Gainera, zorionez, orain arte eguraldi ona egokitu da. Eta bestetik, antolakuntza aldetik oso ondo dagoen lasterketa da eta hori jendeak asko eskertzen du. Jendeari ez zaio gustatzen bidea gaizki seinalizatuta egotea, dutxak ere eskas egotea… Horri asko begiratzen zaio eta Flyscharen lasterketa alde horretatik oso ondo antolatuta dago.

Ibilbidean aldaketa batzuk egin dira. Luzeagoa eta gogorragoa izango da. Zer itxura izango da aurtengoak?

Iruditzen zait iazkoa baino gogorragoa izango dela. Aurrekoetan lasterketa gogorra egiten bada, aurten are gehiago. Ondo prestatuta etorri behar da gehiegi ez sufritzeko. Berez ez dago 20 minutuko malda luzerik, denak hamar minututik beherakoak izango dira, baina igoerak sarri daude, eta sarri egoteak gorputzari ez dio lagatzen errekuperatzen eta horregatik pentsatzen dut karrera gogorra egingo dela.

Aurreko urtean aurrean ibili ziren lasterketako tarte zabal batean, baina azken txanpan Raul Garciak harrapatu eta aurre hartu zizun. Zer ikasi zenuen esperientzia hartatik?

Behar zena baino lehen eman nuela neukan dena eta Itzurungo azken igoera hartan ez neukala ezertarako indarrik. Aurten ikusi beharko da lasterketa nola doan. Ni ondo sentitzen naiz. Iaz lanak eman nizkiola uste dut. Lehen urtean hirugarren egin nuen, iaz bigarren… Aurten saiatuko naiz lehena izaten baina Raulek maila handia du eta zaila izango da.

Jadanik 483 korrikalarik eman dute izena eta beste 17 dortsal baino ez dira gelditzen. Izena eman nahi izanez gero: www.kirolprobak.com

flyschtrail.jpg III. Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa aurkeztu dute gaur eguerdian, Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan. Babesle eta erakundeetako ordezkariez gain, bertan izan dira Josune Bereziartu eta Rikar Otegi eskalatzaileak, Pako Iriondo Euskal Mendi Federazioko ohorezko presidentea, eta Oihana Kortazar, Aitor Osa eta Pedro Etxeberria korrikalariak. Antolatzaileek iragarri dutenez, aurtengo lasterketa are gogorragoa eta ikusgarria izango da, 3,5 kilometro gehiago izango dituelako. Korrikalarien artean, Nuria Dominguez da azken orduko nobedadea. Gainera, dagoeneko 420 korrikalarik eman dute parte hartzeko izena. Bosco Garitanok, antolatzaileen izenean, eskerrak eman dizkie babesle, laguntzaile eta herritar guztiei: “Guztien laguntza gabe ezinezkoa litzateke lasterketa hau antolatzea”.

Pako Iriondo: “Gauzak ondo egiten dituenari lagundu egin behar zaio”

Zumaiako lasterketaren antolatzaileak goraipatu ditu Pako Iriondok. “Leku gutxitan aurki daiteke horrelako lan  talde bat. Zorionak eman behar dizkizuet. Mendi handien magalean dauden herrietan errazagoa da horrelako lasterketak antolatzea. Zumaia ez dago Aizkorriren ondoan, baina mendi laskerketa bikaina antolatzen duzue”. Alboan eserita zuen Iñaki Agirrezabalaga alkateari eskatu dio lasterketa laguntzen jarraitzeko: “Gauzak ondo egiten dituenari lagundu egin behar zaio, eta talde honek goraipamen guztiak merezi ditu”.

Aurreko bi urteetako korrikalari kopurua nabarmen gaindituko da aurten, jadanik 420 baitira izena eman dutenak. Kontuan izan antolatzaileek 500 korrikalari onartuko dituztela gehienez. Beraz, 80 dortsal baino ez dira gelditzen. Parte hartzeko asmoa duzuenok kirolprobak.com webgunean eman behar duzue izena, uztailaren 5a baino lehen.

Irabazlea neskak.jpg Aurreko bi urteetan bezala, aurten ere Raul Garcia Castan 2009ko Europako txapelduna Zzumaian izango da. Espainiarra izan da lehen bi edizioetako izar nagusia, eta bera izango da gainditu beharreko korrikalaria. Baina ez da kontuan hartu beharreko korrikalari bakarra izango. Hemen izango dira, besteak beste, Luis Alberto Hernando 2010eko Espainiako Kopako irabazlea eta Europako txapeldunordea,  Aitor Osa (iaz bigarren), David Lopez (2010eko Espainiako Kopako irabazlea), Joseba Plaza (Euskal Selekzioa), Walter Becerra edota Pedro Etxeberria zumaiarra. Gainera, Euskadiko Kluben arteko Txapelketa jokatuko denez, ikuskizuna areagotuko duten goi mailako korrikalariak espero dira.

Emakumezkoen artean, Oihana Kortazar sasoi betean dago azkenaldian eta bera izango da garaipena lortzeko faborito nagusia. Garaipen ikusgarria lortu zuen Zegamako mendi maratoian, eta duela egun gutxi Europako Kopako lehen proba irabazi du Emanuela Brizio italiarrari hiru minututik gorako aldea aterarata. Kortazarrez gain, 2010ean Espainiako txapeldun izandako Blanca Serrano eta iazko Flysch Traileko irabazle Ana Conde ere irteeran izango dira. Nuria Dominguez eta Elena Calvillo (Euskal Selekzioa) ere aipatzekoak dira, beste askoren artean.

Urtero mendiari lotutako kirolariak omentzea da antolatzaileen beste helburuetako bat. 2009an Patxi Usobiaga eskalatzaileak jaso zuen omenaldia; iaz Edurne Pasaban, Alex Txikon eta Asier Izagirreri egokitu zitzaien. Aurten berriz, Josune Bereziartu eta Rikar Otegi eskalatzaileek, eta Pako Iriondo Euskal Mendi Federazioko presidente ohiak jasoko dute omenaldia. Proba hasi aurretik ohorezko aurreskua dantzatuko zaie, zinta moztu eta Keixetaren eskultura berezi bana jasoko dute.

Hemen daukazue aurtengo lasterketaren aurkezpen-bideoa. Antolatzaileek ibilbideari gehitutako zati berrien irudiak ikusiko dituzue, besteak beste.